XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Organizatzen ari ditun... Irun aldean baditun gudarien partidak.

- Bai, baina animo handirik gabe ari dira, tamalez.

CNTtarrak tren bat leporaino betea bidaltzekotan ziren Eibartik Donostiara handik egun batzuetara. Lokomotiba, ordea, eztanda baten ondorioz, errailetatik aterako zen behin Añorga igarota, Amara aldean burdin eta kristal hautsien zarata, kaskoteen jausia eta metaleen kirrioa izugarria eginez.

Urumearen bihurguneetan biltzen zen unearen tragedia trena irten zenetik adu txarrak joa zegoen, nonbait; instantea ubela, gorrail kolorekoa zen tragediaren hurbiltasunez.

Kasinoan eta Zumardiko Merkatal Zirkuloan gordetako eskuindarrak eta Maria Kristina hoteleko besteak artean arriskutsuak ziren Donostia hiria errepublikaren alde mantentzeko.

- Gerrak hasi baino ez du egin, osaba; etsai faxistak hortzetaraino josita daude armaz, eta gu, proletariook pobreak izaki erresistentzia luzaroan egiteko ez gara gauza izanen.

- Ez ezan horrelakorik esan.

- Kasernetan errepublikari leialtasunezko zina egin zion militar askok saldu egin du gobernua, kapitalarekin elkartu da.

- Izan hadi itxaropentsuagoa...

- Bilbotarrak berehala laguntzera etortzea derrigorrezkoa da, bestela gureak pot egin du; Irun hartu nahian dabiltza erreketeak Frantziarekin gure harremanak (armen garraioa, batez ere) eten daitezen.

Polbora-usaina itzela zen Easo Plazan; itsasotik eta Urumea ibaian zehar lehorrera sarturiko kresalak ez zuen lortzen erre-kerua itotzen; nik, nola ez, hiri-paisaian geologia gozoagoak atzeman gura nituzkeen jarrera animoko hobeak sortzeko, ze Donostiaren ohiko xarma, tamalez, hondamendizko apoteosi maskalera iraultzera zihoan.